Armairutik irteten Añorgan, Lasarte-Orian, Agurainen…

Asteazkena, 2016ko maiatzaren 18a

Egiako auzoan euskaraz bizitzeko egindako esperientziari jarraituta, euskaraz bizitzeko esperientziak ugaritzen ari dira gure inguruan.

Alde batetik, Donostiako Añorga auzoan  “Añorgan euskaraz bizi “ esperientzia jarri dute abian. Egian egin zen bezala, Añorgan ere TELP tailerra izan dute bidelagun esperientzia honetan: Partaideetako baten esanetan: “Asko lagundu zigun ostiralean egin genuen TELP tailerrak. Hamabost lagunek parte hartu genuen, eta oso gustura geratu ginen. Horrek ere beste bultzada bat eman dio dinamikari”.

Esperientziaren lehenengo bideoak sareratu dituzte jada:

 

Añorgako esperientziaren berri emanez, Irutxuloko Hitzan artikulua argitaratu zuten: Añorgan euskaraz bizi nahi dugulako

Bestetik, Lasarte-Orian urriaren 22 eta 23an Euskararen 9. Maratoia antolatu dute. Euskararen Maratoia 1986. urtean jaio zen, erronka batekin: 40 ordu baietz! Baina aurten antolatzaileek marka hori gainditzeko apustua egin dute, Euskararen Maratoitik Euskararen Egunera bitartean dauden 40 egunetan euskaraz egiteko erronka jarri dute.

Erronka honen bidez euskalduna, ahalmendu, euskahaldundu eta egunerokoan orain baino gehiago euskaraz egitera lagunduko du. Herritarren ohiko hizkuntza ohituretan dituen ondorioak neurtzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren laguntzarekin, EHUko Pello Jauregi doktoreak zuzenduko du ikerketa-ekintza hau.

Irten armairutik! aurkezpen bideoa ere egin dute:

Informazio gehiago hemen duzue: Euskararen maratoia

Azkenik, Agurainen  “75 ordu euskaraz Agurainen” egitasmoa jarri dute martxan. Azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskara esparru guztietara eramango dute, “lehen hitza, bigarrena eta hirugarrena ere euskaraz eginda”.

BERRIAn artikulua argitaratu zuten horren harira: Ohiturak aldatzea xede

Esperientzia hauen bidez, esperientzia pertsonalari esperientzia komunitarioa gehitzen zaio, auzo eta herrietako biztanleen hizkuntza ohituretan  eragiteko asmoz.

 

Erantzun