Euskara eta berdinkideen arteko harremanak

Asteazkena, 2013ko urriaren 9a

Duela pare bat aste, Amelia Barquínen blogean argitaratutako “¿Pero es que tú no sabes castellano o qué?” artikuluak zeresan ugari eman du eta bide batez,  haur eta gazteen arteko harremanetan euskarak duen lekuaren inguruan hausnartzera eraman gaitu.

“¿Pero es que tú no sabes castelano o qué?”, “Habla la lengua del país”, “El euskera es una puta mierda, habla castellano”, “A mi no me hables en euskara, haber si aprendes a hablar como es debido”, “¡Habla en cristiano!”, “¿Pero es que tu no sabes hablar?” Esaldi horiek guztiak Ameliaren blogean bilduak daude eta Euskal Herriko gazteen ahotik (bizipenetatik) jasoak. Gure ustez portaera jakin hauek ez dira gazteen artean gailentzen direnak; hala ere esanguratsua da oraindik ere, horrelakoak entzutea. Azken batean, gazteek sozializazio bidez jaso dutena erreproduzitzen dute. Esaldien bortizkeriak agian nerabezaroaren ezaugarriekin ere zerikusia izan dezake. Dena den, esaldi horien bidez berdinkideen artean erabili beharreko hizkuntza-araua azaleratzen da.

Jean Piaget psikologo ezagunaren arabera, berdinkideen arteko harremana sozializaziorako eremu garrantzitsua da. Gainera, sozializazioaren agentea den familiarekin alderatuz,  ematen diren harremanen ezaugarriak desberdinak dira. Berdinkideen artean ematen diren harremanak guraso eta seme-alaben artekoak baino demokratikoagoak izan daitezke. Piagetek esaten duenez, gurasoek duten botereagatik, portaera kodeak erakusten dizkiete seme-alabei. Berdinkideen artean, aldiz, portaera kodeak azter eta esplora daitezke.

Honekin lotuta, Kuadrillategi egitasmoaren marko teorikoak berdinkideen artean hizkuntza arauak nola ezartzen diren azaldu eta aldaketarako gako batzuk ematen ditu. Hona hemen aipu bat:

“Esan bezala talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hartu-emana. Gauzak horrela, talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hizkuntzazko jokaera, baita zein hizkuntza erabiliko den. Beste era batera esanda, taldeak arautzen du, modu aitortuan nahiz aitortu gabean, taldearen baitan kideek elkarrekin euskaraz ala erdaraz egingo duten”

Goian aipatutako adibideok taldearen hizkuntzaren jokaera-arauen adierazle dira. Kuadillategiren proposamena taldean hizkuntza aldatzeko prestutasuna edo nahia esplizitatzean datza. Proposamen horri buruzko azalpen gehiago Soziolisguistika Klusterraren lotura honetan aurki dezakezue: Kuadrillategi

Gaiak ertz asko ditu eta ez du konponbide erraza, lan eremu askotan eragin beharra dagoelako: gizarte eredu erakargarriak eskaini, gazteen taldeetan gaiari buruzko hausnarketa proposatu, aisialdia euskaraz garatu, gazte hizkera landu eta abar.

TELParen ikuspegitik, asertibitatearen bidea proposatzen dugu. Ameliaren blogean aipatu da asertibitatea eta adibide batzuk eman dira. Guk gehitzeko, esaldi bortitzei erantzuteko trebetasun sozialetan erabiltzen diren eztabaidetarako asertibitate teknikak proposatzen ditugu. Noski, kontuan izan behar da ez dagoela dena konponduko duen makila magikorik eta nork bere nortasunaren eta egoeraren arabera moldatu beharko dituela teknika horiek. Eztabaidetan erabili daitezkeen hainbat baliabide dituzue lotura honetan (31 orrialdetik aurrera): Akuilu taldeak: euskararen aldeko eragiletza hizkuntza asertibitatearen bidetik

Teknika horiez gain, portaera asertibo orokorrak lagundu egingo du berdinkideen artean errespetua lortzen. Horren harira, seme-alabei portaera asertiboa irakasteko gurasoen ereduaren garrantzia ez dugu ahaztu behar.

Erantzun