Euskal Herriko Unibertsitateko letren fakultateko Letrak Euskaraz! taldeak hainbat bideo zabaldu ditu interneten. Bideoetan fakultatean bizi dituzten egoera batzuk islatzen dituzte eta horrekin euskararen inguruan dauden aurreiritzi batzuei buruzko hausnarketa eragin nahi dute.

Gaur lehenengo esketxa ekarri dizuegu: Hablo erdera, soy más guay

Irakurtzen jarraitu...

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak poziktibity kanpainaren barruan egitasmo berri bat aurkeztu du:  Eta txipa aldatuko bagenu? Umorezko bideo esketxen bidez, euskal hiztunen artean ohikoak izaten diren hainbat egoera azalduko dira www.aldatutxipa.eus webgunean. Horrela, euskararen erabilera mugatzen duten hainbat aurreiritzien inguruko gogoeta eragin nahi da.

Oraingoz lau esketx igo dituzte webgunera, baina datozen hilabeteetan esketx gehiago igotzeko asmoa dute.

TELP tailerretako partaideei ezagunak egingo zaizkie esketx horiek islatzen dituzten egoerak, tailerretan aztertu eta gainditzen laguntzen ditugun egoerak baitira:

Lehen hitza euskaraz:

Euskaldun berriarekin pazientziarik ez:

Taldean erdaraz batengatik:

Haurrari euskararaz eta bikotekidearekin erdaraz:

 

Irakurtzen jarraitu...

Duela aste batzuk Bermeoko Udalean ordezkari politikoei eta langileei zuzendutako TELP tailerra eman genuen. Tailerrean parte hartu zuen Bermeoko Alkatea den Idurre Bidegurenek. Horren harira elkarrizketa bat egin diote Idurreri Busturialdeko hitzan.

Elkarrizketan Bermeoko Udalean  euskara normalizatzeko helburuarekin TELP tailerrak zertan lagundu dien aipatzen du, ordezkari politikoek eta udal langileen lidergoa azpimarratuz.

Elkarrizketan adierazten denez, Idurre TELP tailerra politikarien jardunera eraman duen Bizkaiko lehenengo alkatea izan da”

Elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezu: Hizkuntza ez galtzeko oso garrantzitsua da lehen berba euskaraz egitea

 

Irakurtzen jarraitu...

Galdera horri erantzunez, hainbat arrazoi eman zituen Ainhoa Lasa  Emuneko lankide eta TELP tailerretako dinamizatzaileak  Kike Amonarrizek aurkezten duen ETB1eko Tribuaren Berbak saioan.  Urte berrirako euskararekiko asmoen gaiaren harira, euskaldunok geure artean erdaraz egiteko joeraren inguruan eta Telp tailerretako gako batzuen berri hitz egin zuten Kikek eta Ainhoak. Bien arteko elkarrizketatxoa azpiko loturan duzue: 

Zergatik egiten dugu askotan euskaldunok gure artean erdaraz?

 

 

 

 

 

 

 

Eta zuek, ba duzue zuen hizkuntza jokaerari buruzko asmo berririk 2014rako?

 

Irakurtzen jarraitu...

Aurrekoan Onintza Iruretak bizi izandako bi esperientzien berri izan dugu ARGIAko bere blogean. Donostian izozkia gaztelaniaz, Antoñanan tortilla euskaraz artikuluan azaldutakoak aukera ematen digu sailkapen soziala gure portaeran duen eraginaren inguruan hausnartzeko.

Sailkapen soziala pertsonak banako baino giza taldeetako partaide gisa antzematen ditugunean. Sexua, talde etnikoa edota adina sailkapen soziala egiteko balio diguten ezaugarriak dira, baina beste ezaugarri  asko erabiltzen ditugu sailkapen soziala egiteko.  Logotipoak, uniformeak edota lan tresnak pertsonak beraien lanaren arabera sailkatzeko balio digute. Era berean, ahoskera edota doinu baten bidez pertsona baten jatorria edota bizi den eskualdea zein den asmatzen lagundu gaitzake.

Sailkapen sozialak gizartean gure ingurunea ulertu eta modu egoki batean funtzionatzen laguntzen digu, bi helbururi jarraituz: berehala antzeman ezin daitekeen informazioa ematen du eta beharrezkoa ez den informazioa alboratzen laguntzen digu. Adibidez liburutegi batean gaudenean, apaletan liburuak kokatzen dabilen pertsona liburuzaina dela pentsatzerakoan, badakigu berak liburu bat aurkitzen lagundu gaitzakeela, eta era berean,  beharrezkoa ez dugun informazioa alboratu ahal izango dugu (bere alkandoraren kolorea, bibotea duen ala ez, eta abar), guretzat ez baitu garrantzirik kasu honetan.

Baina sailkapen sozialak ondorio negatiboak ere izan ditzake. Talde bateko partaideak benetan direna baina antzekoago antzematera eramaten gaitu. Horregatik pertsonok talde bateko partaideen antzekotasuna gehiegi antzematen dugu, talde horren aniztasunean erreparatu gabe. Era honetan herri/hiri bateko biztanle gehienak erdaldun gisa sailkatzen baditugu, biztanle horien artean euskaldunak egon daitezkeela pentsatzea zailagoa izango da. Hori dela eta, gure lehenengo hitza euskaraz  izateko aukerak gutxitzen ditugu eta ondorioz solaskidearekin euskaraz hitz egiteko aukera ez dugu antzematen. Zenbatetan gertatu zaigu denda, taberna eta antzekoetan, sailkapen sozialaren ondorioz, lehenengo hitza euskaraz egin ez eta elkarrizketa gaztelaniaz hasi eta gero konturatu solaskidea euskalduna zela?

Kasu hauetan, sailkapen sozialak euskara erabiltzeko aukerak ez murrizteko zer egin dezakegu? Sailkapen sozialek gure portaeran izan dezaketen ondorioei aurre hartzea da bide bat. Nola? lehenengo hitza, edozein toki eta egoeretan gaudela ere, euskaraz eginez. , Onintzak Antoñanan bezala, sorpresa atsegin asko jasoko ditugu.

Irakurtzen jarraitu...

Entzun al duzu inoiz honako esaldia: “Euskara ikastea zaila da!” Bai ezta? Askotan entzuten dugu esaldi hori edo antzerakoa adierazten duten esaldiak. Horren adierazgarri da, duela urte batzuk gure hizkuntza ikasteko munduko zailena zena zioen diplomatiko batzuei iritzia eskatuz egindako ikerketa (?)  batek. Noski, euskararen normalizazioari kalte egiten dion aurreiritzi baten aurrean gaude beste behin ere. Eta aurreiritzi mota hauek gurean zabaltzeko duten erraztasunaren isla da euskal hiztun askok ere sinesten dutela euskara ikasteko zaila den hizkuntza bat dela, eta bere ingurunean aurreiritzia transmititzen dute (hitzez eta ekintzez), hizkuntzaren normalizazioari egiten dioten kalteaz ohartu gabe. Aurreiritzi horren ondorioz euskara ez dakienak ikasteko izan dezakeen motibazioa murrizteaz gain, euskaldunok hizkuntza aldatzera eramaten gaitu hainbat egoeratan.

Aurreiritziak jarrera eta portaeretan islatzen dira, beraz aurreiritziari lotuta dauden jarrera eta portaera horiek aldatu behar ditugu. Hain zuzen ere, hori izaten da TELP tailerretan lantzen dugun arloetako bat. Hortaz, garrantzitsua da euskaldunok aurreiritzi honi aurre egitea eta ez sinestea (ez baita egia), gure jarrera eta portaerak aldatuz, eta gure inguruan aurreiritzi hau  norbaitek esango balu, aurreiritziaren egia-gabetasuna agerian uzteko argumentuak izatea. Hori da hain zuzen ere post honetako helburua.

Zailtasunari buruz ari garela, esan behar da zailtasuna kontu oso subjektiboa dela, batentzat zaila dena beste batentzat erraza izan daiteke. Inork ez du zailtasuna neurtzeko tresnarik asmatu oraingoz 😉 Norberaren egoeratik abiatuta erabakitzen dugu guretzat gauza bat zaila den edo ez. Gauza bera esan dezakegu urruntasunaru buruz. Herri bat urrun dagoela esaterakoan, galdetu daiteke urrun nondik?

Hizkuntza bat ikasterakoan, ezagutzen dugun hizkuntza baten antzekoak diren hizkuntzak ikastea errazagoa izan daiteke, hainbat aurre ezagutza ditugulako eta horrek lagundu egingo digulako hizkuntza berria ikasten. Latinetik eratorritako hizkuntzen kasua izan daiteke, espainola, katalanera, galegoa, italiera, frantsesa, portugesa,… Hizkuntza horiek hainbat elementu komun dituztenek bat jakiteak besteak ikastea erraztuko digu.

Euskararen kasuan, latinetik eratorritako hizkuntza ez denez, pentsa daiteke espainoletik edo frantsesetik ikastea zailagoa dela. Pentsa dezagun pixka bat. Argudio horri jarraituz, espainiera eta frantsesera ikastea euskaratik abiatuta zaila izango litzateke? Baina euskara ama hizkuntza duten euskal hiztun ia guztiok ez dugu bada ibilbide hori egin? Gaur egun ama hizkuntza euskara duten hiztunek demostratzen dute ibilbide hori edozeinek egin dezakeela, ez baitugu uste munduko gainontzeko pertsonak baino azkarragoak garenik. Euskaratik abiatuta espainola edo frantsesa ikasteko ibilbidea edozeinek egin badezake… alderantzizkoa egiteko dagoen ibilbidea berbera da, beraz…

Horretaz gain, munduko edozein hizkuntza ikasteko zailtasunaren aurkako frogak baditugu, umeek edozein hizkuntzaz jabetzeko behar duten denbora ez baita nabarmen aldatzen edozein delarik hizkuntza hori ere. Hau da, munduko hizkuntzen artean ez dago bat bestea baino zailagoa denik.

Euskararen zailtasunaren mitoa deuseztatzeko argudioetan sakontzeko hona hemen Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariaren artikulu batzuk:

Euskararen zailtasunari buruzko aurreiritziak

Sobre la complejidad y dificultad de las lenguas. El caso del euskera.

Zuei argudio gehiago bururatzen bazaizue idatzi, hemen bildumatxoa egiteko.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Norbait gaztelaniaz zuzentzen zaigunean zein hizkuntzatan erantzuten diogu? Gure artean oso hedatuta dagoen aurreiritzi bat da edukazio falta dela euskaraz erantzutea gaztelaniaz hitz egiten dizutenean.

Teorian, badirudi errespetu adierazpen eredugarria izan daitekeela gaztelaniaz erantzutea gaztelaniaz egiten dizunari. Praktikan, aldiz, portaera horrek gaztelaniaren alde egiten duen idatzi gabeko arau bati erantzuten dio, edukazio txarreko eta antzekoak deitu ez gaitzaten.

Portaera horrek ez luke ezer txarrik izango euskara eta gaztelania garrantzia sozial berbera izango balute eta, ondorioz, erdaldunek ere hizkuntza aldatuko balute norbaitek euskaraz egiten dienean. Kontua da, ez dela horrela izaten, salbuespenak salbuespen. Era horretan euskararentzat kaltegarria den disimetria bat sortzen da: talde batean gaztelaniaz hitz egiten duen norbait badago, “edukazioagatik”, gainontzekoak ere gaztelaniaz hitz egiten dute. Horrela, euskaraz zuzentzen zaizkigunean bakarrik aritzen gara euskaraz, eta horrek,  euskararen ordezkatze prozesua indartzen duen euskararen ezkutaketa dakar hainbat esparrutan.

Bitoriano Gandiagaren poesia gogora ekar dezakegu, soziolinguistika ikasgai gisa:

Erabiltzen ez den Euskara
hil egiten da
mugitzen ez den bihotza
hil egiten den bezala.

Euskara ez da
asko ta asko galdu
asko eta asko erabili delako.
Askotan eta asko
erabili ez delako
galdu da euskara
askoan asko.

Ez da ezergatik, baina
galdu den euskara,
pitin bat bada ere,
eskuratuko bada
askotarako eta beharrez [halabeharrez] askoka
erabili beharko da.

Ez da ezergatik, baina
euskara hil egiten da
berriketetan euskaraz
hitz egiten ez bada.

Ez da ezergatik, baina
isiltzen duzun euskara
hiltzen duzun euskara da.

Errespetu kontu bat izango balitz, hizkuntza aldatzen dugunok beti euskaldunak garenez, ondorioztatu dezakegu erdaldunak ez direla errespetuzko pertsonak. Baina horrek ez du ez hanka ez bururik ezta? Hizkuntza izan beharrean, beste arlo bateko adibide bat jarrita, ulertu dezakegu aurreiritzi honen zentzugabekeria. Demagun ni lagun batekin egunero kafea hartzera joaten naizela. Egunero nik ordaintzen dut kafea, lagunak ez du inoiz ordaintzen. Egunero, egunero, egunero… Kasu horretan zer izango nintzateke? Errespetu handiko pertsona ala… (zuk zeuk jarri adjektiboa).

Era horretako fenomeno sozialek gertakari kezkagarri bat azaleratzen dute, eremu batzuetan (hirietan, esaterako) euskarak duen erabilera urria. Idatzi gabeko arau horrekin apurtzea ezinbesteko baldintza da normalizazio prozesu batean aurrera egiteko. Gainera, kasu askotan gaztelaniaz zuzentzen zaiguna ere euskalduna izan daiteke, edota ulermen maila ona duen gaztelaniaduna, beraz, zergatik ez erantzun euskaraz? Eman euskara elkarri, sorpresa atsegin asko edukiko ditugu eta.

Irakurtzen jarraitu...

Aurreiritzi linguistikoak sarritan hizkuntza minorizatuetako hiztunoi hizkuntza portaera normalizatu bat izatea galarazten digute. Horregatik ezinbestekoa da barneratuta ditugunak detektatu eta horiek desmuntatzea. Post hau eta, etorkizunean etorriko diren beste batzuk, zeregin horretara bideratua dago.

Aurreiritzi linguistikoak, oinarri sendorik ez duten balio-judizio edo iritziak dira, hizkuntza bati edota hizkuntza baten hiztunei buruz errefusa edo arbuioa sortzeko helburua dutenak. Ez gara aurreiritzi hauekin jaiotzen, ikasi egiten ditugu familian, komunikabideetan, lagunartean, hezkuntza sisteman eta abarretan. Aurreiritziak pertsona eta belaunaldien artean transmititzen dira diskurtso eta portaeren bidez.

Aurreiritziak mota askotakoak izan daitezke, baina oinarri komuna dute: desberdintasuna mesprezatzea edota asimilazioa indartzea. Adibidez, euskararen inguruan eman diren aurreiritzi zaharrak ditugu, gaur egun gaindituta (?) omen daudenak:

Hizkuntza minorizatuen kasuan aurreiritziak banakakoen eta kolektiboaren autokontzeptuan eragina izaten dute. Era horretan gure autoestimuan ere eragiten dute.

Euskararen erabileraren kontra eragiten ari diren aurreiritzi linguistikoak indartzen dituen diskurtsoa mendeetan zehar garatu da, ehunka urte iraun duen ordezkatze linguistikoaren prozesuaren baitan. Ondorioz, barneratuta ditugun aurreiritzi horiek aldatzea denbora luzea  eskatzen du eta hainbat zailtasunei aurre egitea, ezin baita mendeetan garatu dena egun gutxi batzuetan aldatu. Baina barneratuta ditugun aurreiritziei aurre egiteko estrategia egokia da ezarritako diskurtsoa zalantzan jartzen saiatzea eta diskurtso horrek oinarrian dituen kausak ezagutzea. Hurrengo post batzuetan horretan arituko gara, aurreiritzi zehatz batzuk zalantzan jartzen hain zuzen ere. Zuei aurreiritzirik bururatzen bazaizue beldurrik gabe bidali, horiei ere aurre egingo diegu eta.

Galizia aldean ere galizieraren erabilerari kalte egiten dieten hainbat aurreiritziei aurre egin behar diete. Bertatik datorkigu bideo hau, edozein motatako aurreiritziak gainditzera animatzen gaituena:

 

Irakurtzen jarraitu...

Oraingoan aurreiritziei buruz hitz egiteko aitzakia Galizia aldean jasotako gertaera batean aurkitu dugu. Radio Galega irrati publikoan galizieraz hitz egiten da baina hara non entzuleren bat ez dago ados eta gauetan emititzen den Pensando en ti irratsaiora  deitu du bere kexa azaltzeko. Hona hemen entzule eta irratsaioko gidaria den Alberto Freireren arteko eztabaida:

Ikus dezakegunez ez gara euskaldunok bakarrik horrelako aurreiritziei egin behar diegunok. Minorizatutako hizkuntzak dauden beste lurralde batzuetan ere horrelako egoerak jasn behar izaten dituzte.

 

Ariketa bat proposatu nahi dizuegu: entzule horrek botatzen dituen hainbat aurreiritzi beste egoera eta lurralde batzuetan entzunak ditugu ezta? Batzuk zerrendatuko ditugu eta guztion artean ea zer nolako erantzunak bururatzen zaizkigun gure ohiko bizitzan horrelakoei aurre egin beharko bagenie, ados? Ea ba, hona hemen zerrenda:

– Nik espainolez hitz egiten badizut, zuk niri hizkuntza berean egin behar didazu, guztiona da eta.

– Zuk edukazioagatik nik hitz egiten dudan hizkuntza egin behar duzu, ni hemen bizi bainaiz baina ez naiz hemengoa.

– Nik hitz egin dut lehenengo, beraz zuk niri nire hizkuntzan egin behar didazu.

 

 

Irakurtzen jarraitu...