Duela hilabete batzuk argitaratu zuten Info 7ko Gureaz Blai saioko lagunek Martin Kittok egindako ahalegina telefono konpainia batekin euskaraz komunikatzeko. “No le entiendo“, “disculpe la espera“, “no es posible transferirle con un compañero de euskera” eta antzerakoak behin eta berriz etzun arren, Martinek euskarari eutsi zion.
Elkarrizketa entzun nahi? Hemen duzue:  Inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza den

Antzerako egoerak modu jostagarrian har ditzakegula ikusteko adibide ona benetan. Irrisistentzia!

 

“Gizakiaren potentzia intelektuala erabiltzeko gai den umore dosietan neurtzen da” 

Friedrich Nietzsche

Irakurtzen jarraitu...

Vincent Partal-en bidez heldu zaigu bideo hau. Bertan ikus daiteke Peruko parlamentuan 2006an gertatutakoa. Kitxua hiztuna den Maria Cleofé Sumire de Condek diputatuak kargu hartzera doanean, zina kitxuaz egiten du. Peruko kongresuak karguaren zina gaztelaniaz egitera behartzen du, baina Mariak uko egin zion eta behin eta berriz kitxuaz egiten du bere zina.

Bere ahaleginak izan zuen fruitua, bideoaren amaieran ikus baitaiteke kongresuak azkenean amore ematen duela eta kitxuaz egindako zina onartzen du. Duintasun adibide ezinhobea Mariarena.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Donostiko Egia auzoko bizilagunak euskaraz bizi daitekeela erakusten ari dira Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenarekin. Astez aste, auzoko hainbat erakundeetako kideak euskaraz bizitzeko ahalegina egiteko txandakatzen ari dira. Astea bukatu ondoren, pertsona bakoitzak bere esperientzien berri ematen du bideo laburrean.

Bideo horietako batean entzun dezakegu post honen izenbururako erabili dugun esaldia. Irribarrea eta jarrera positiboa klabeak dira euskaraz bizitzeko ahalegin horretan. Aurretik modu gatazkatsuan bizi zituen egoerak modu positiboan bizitzea lortu du bideoko lagun honek. Gainera zenbaitetan bera euskaraz egiteaz gain, solaskidea ere euskarara erakartzea lortu du. Hona hemen bere hitzetan:

Egian euskaraz bizi nahi dugulako egitasmoan parte hartzen ari diren pertsonen bideoak ikus daitezke www.egianeuskaraz.wordpress.com blogean. Pertsona bakoitzak egiten duen hausnarketaz gain, erabilitako estrategiak ere azaltzen dituzte.  

Animo Egia irribarrez betetzen ari diren lagunei eta segi aurrera!

 

Irakurtzen jarraitu...

Donostiako Egia auzoan Egian euskaraz bizi nahi dugulako egitasmo berritzailea abiatu dute: urtarrilaren 8tik hasi eta martxoaren 4a arte pertsona desberdinek astebeteko txandetan euskara hutsez biziko dira. Auzoko hainbat elkarte eta pertsonek parte hartuko dute egitasmo honetan.

Komunikabide askok eman dute egitasmoaren berri, hona hemen horietako batzuk:

Egianeuskaraz

Blog bat ere martxan jarri dute, egitasmoan parte hartzen dutenen bizipenak jasotzeko: Egian euskaraz

Adi jarraituko dugu, ea zer nolako esperientziak kontatzen dituzten.

 

Irakurtzen jarraitu...

Zuzeu.eus orainkari digitalean irakurri ahal izan dugu pertsona bati gertatutakoa. Udaltzaingora deitu eta euskaraz artatu ez eta euskarazko arreta esaktzerakoan deia moztu diote. Ondoren 112 telefonora deitu, ertzain etxearekin jarri eta euskarazko arretarik ez eta deia moztu. Hirugarren deia egin, beste ertzain etxe batekin jarri eta antzerako egoera, euskaraz artatu ez eta deia moztu. Azkenik, berriz ere lehenengo ertzain etxera deitu, euskarazko arreta eskatu eta azkenik euskaraz arreta egin dion pertsona bat jarri da. Egoera xehetasunez irakurtzeko hemen duzue lotura: Poliziarekin euskaraz

Esperientzia honetan eredugarria iruditu zaigu protagonistaren portaera. Zailtasunen aurrean etsi ez eta “denbora guztian lasai hitz eginez eta faltatu gabe” aritu da. Euskarazko arreta eskatu eta erdaraz egiteko izan dituen eskaeren aurrean ez du amorerik eman eta euskarari eutsi dio. Bejondeiola!

Gisa honetako egoerak konpontzearen giltza ez dago norbanakoaren portaeran menpe. Kasu honetan administrazioaren ardura da arreta ofiziala den hizkuntza batean egitea. Hala ere, gertaera honetako protagonistak erakusten digu bere portaerarak eragina izan dezakeela.

Azkenik Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Elebiden kexa jarri du. Kexak jartzea etorkizunean antzerako egoerak murrizteko aukerak handituko ditu. Bai administrazioan, bai arlo pribatuan ere. Hizkuntza arreta desegokia egiteagatik kexa jartzea arazoa azaleratea da, zerbitzua ematen duenari hobetzeko aukera bat ematea. Ez al da zentzuzkoa hobetzeko aukerak aprobetxatzea?

https://www.flickr.com/photos/govanriverside/6231108255

https://www.flickr.com/photos/govanriverside/6231108255

Irakurtzen jarraitu...

Info7 irratiko Gureaz Blai irratsaioaren denboraldiko azken saioa izan da aste honetakoa. Bertan Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak Arabako biltzarkidea den Gorka Ortiz de Guinea elkarrizketatu dute. Ortiz de Guinea jatorriz ez da euskalduna, baina gaur egun euskarak presentzia handia du bere bizitzan. Bere hizkutnza ibilbidearen ingurukoak azaldu ditu aste honetako irratsaioan.

Saioa entzuteko hemen: Gureaz Blai 69. irratsaioa

 

https://www.flickr.com/photos/mikecogh/9371424916/sizes/m/in/photostream/

https://www.flickr.com/photos/mikecogh/9371424916/sizes/m/in/photostream/

Irakurtzen jarraitu...

Aurreko astean hautsak harrotu zituen Eusko Jaurlaritzan Laura Mintegiri gertatutakoak. Prentsaurrekoa ematen hasi eta euskaraz hasi bazen ere, bat-batean gaztelaniara salto egin eta zera esan zuen: “Se que tenéis prisa para entrar a las diez, por lo tanto, voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera”. Hona hemen sekuentzia Youtubetik hartuta:

Zuzeu albistarian gertatutakoa zehatzago irakur dezakezue eta baita iruzkinetan internauten artean sortutako eztabaida. Laura Mintegik berak parte hartu zuen barkamena eskatuz, bere jardun gehiena euskarazkoa dela esanez eta bere iritzia azalduz. Hementxe: Bigarren mailakoak gara?

Gertaera hau ekarri nahi izan dugu hona, TELP tailerretan esaten dugun moduan, etsipen egoera sortarazten diguten adibideetako bat delako: eredua izan behar duenak kale egiten duenean. Adibide egokia iruditzen zaigu, pertsona publikoa den heinean, Laura Mintegik hizkuntzari ematen dion trataerak garrantzia handia duelako, bere ereduak eragin biderkatzailea izan baitezake, onerako zein txarrerako. Euskaldunok euskaraz bizi duten pertsonen ereduak behar ditugu, maila guztietan behar ditugu, eta zer esanik ez pertsona publiko ezagunen eredua. Horra hor kasu honek sortu duen eztabaidaren arrazoietako bat.

Gertatutakoa beste eremu batzuetara ere eraman dezakegu, jende aurrean hitz egin behar duen edonori gerta dakioke antzerako egoera bat: irakasle bati guraso bileretan, alderdi politiko edo sindikatu bateko kide bati prentsaurreko bat ematerakoan, hitzaldi bat eman behar duen gonbidatu bati eta abar. Honelakoetan norbaitek lehenengo erdaraz egiteko eskatuko baligu zer egingo genuke? Antzerako komunikazio jarduerak egin behar direnean garrantzitsua da komunikaziorako irizpide batzuk zehaztuta izatea. Jende aurrean komunikazioak egin behar duen pertsonarentzat irizpide horiei eustea errazago izango da aldaketak egiteko eskaeren aurrean. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikazio irizpideak zehaztu eta jendeari komunikatzeko egindakoa praktika ona iruditzen zaigu. Horregatik eskola, alderdi politiko, sindikatu, erakunde eta antzerakoei gomendatzen diegu hizkuntza irizpide batzuk zehazteko.

Bestalde, gogoratu behar dugu, Laura Mintegiri gertatu zaion moduan, denoi gertatzen zaizkigula antzerako egoerak non ematen dugun erantzuna ez da nahiko genukeena. Horrelakoetan erruduntasun sentimenduekin gure burua zigortu beharrean, hurrengo baterako ikasgai gisa baliagarria izan daitekeela pentsatzea komeni zaigu eta, noski, hurrengo batean berdina gerta ez dakigun neurriak pentsatu eta praktikan jarri.

Eta bukatzeko ohartxo bat: ez zaigu ahaztu ez, 10 urte pasatu dira Euskaldunon egunkaria itxi zigutenetik…

 

Irakurtzen jarraitu...

Gaurkoan bi esperientzia ekarri nahi ditugu hona. Biak urtarrila aldean argitaratu dira bi blog desberdinetan. Bata bizi-pena moduan sailkatu dezakeguna 😉 Bestea arrakasta gisa.

Lehenengoa Joxe Rojasek azaldu du barretartia.com webgunean. Umorez kontatzen du frutadenda batean gertatu zitzaion pasadizoa. Auzoan frutadenda berria jarri dutela eta hortxe joan da gure Joxe motibazioz lepo euskaraz eskatzera. Bere txanda heldu eta dendariari irrifartsu esan dio: “Euskaraz?” Eta zer gertatu zen? Hobe pasadizo osoa Joxeren hitzetan irakurtzen baduzue. Hementxe duzue: uscaras no tengo amante

Umorez kontatuta ere, argi dago antzerako egoerak sarritan gertatzen zaizkigula euskaldunoi. Kasu honetan, gure ustez, badaude kontuan hartzeko hainbat gauza. Elkarrizketa hasteko dendariari galdetzea ea euskaraz artatuko gaituen, baimen eskaera dirudi. Beraz ezetz esaten badigu zer? Nola jarraituko dugu? Galdera bera egitea baino eraginkorragoa da zuzenean euskaraz eskatzea. Dendariak ulertzen ez badigu, orduan keinuekin seinalatu dezakegu zer nahi dugun (kokapena seinalatuz) eta zenbakiak eskuen bidez irudikatu (adibidez bi kilo, bi hatzamar altzatuz). Era horretan dendariak ulertuko gaitu. Hau guztia irrifar batez eginda, Joxek ondo egiten duen moduan, ziur gaude egoera arrakastatsu bilakatuko litzatekela.

Eta baliabide horiek bigarren esperientziara garamatzate, arrakastara hain zuzen ere. Markel Olanok bere blogean (markelolano.net) argitaratu zuen gertaera:

No le entiendo, hableme en castellano

Gazte bati gasolindegi batean gertatutakoa azaltzen du. Kutxan ordaintzerakoan euskaraz “Hirugarrena mesedez” esan zuen. Kutxakoak “No le entiendo, hableme en castellano por favor”. Gazteak berriz ere esaldi bera errepikatu zuen eskuko hiru atzamar altxatuz. Kutxakoak berriz ere ulertzen ez zuela eta gaztelaniaz egiteko eskatu zion. Elkarrizketa berriz errepikatu zen hamar minutuz eta gaztearen atzean zai zegoen jendea haserretzen hasi zen. Azkenean kutxakoak ezin izan zuen gehiago jasan eta modu txarrean gazteari zegokiona kobratu zion. Gaztea irtetzen ari zela ikusi zuen hurrengo bezeroak kutxakoari euskaraz “Laugarrena mesedez” eta eskuko lau atzamar altxatzen zizkiola. Ulertuko ote zion? Haur batek ulertuko luke:

Gure aldetik gaztea zoriondu nahi dugu bere portaeragatik. Arrakasta lortzeaz gain eredu bilakatu da eta.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Sortir de l’armari lingüístic da Ferran Suay eta Gemma Sanginesek idatzita liburua. Liburu honetan sei pertsonek katalanarekin dituzten bizipenak kontatzen dizkigute eta psikologiaren ikuspegitik aztertzen dituzte.Irakurtzeko aproposa benetan.

Iñaki Arrutik idatzi zuen liburu honen iruzkin bat gipuzkoaeuskara.net-en.

 

Ziur euskaldunon artean ere liburu bat osatzeko kontakizun eta pasadizoak ditugula hizkuntza kontuetan :-O

Irakurtzen jarraitu...