Soka luzea ekarri du atzo Gaizka Garitanori Almeriako prentsaurrekoan gertatutakoa kazetari batzuen errespetu falta dela eta. Ikusi ez baduzue, hemen duzue bideoa:

Eredugarri Garitanoren jokaera. Norbaitek esan duen moduan, espaloitik ez jaisteko oholtzatik jaitsi da.

Twitterren #MileskerGaritano traolak abian jarri dituzte Garitanoren jokaera eskertzeko. Twitter bidez jende askok eskertu du Garitanoren jokaera, besteak beste, Patxi Baztarrikak Paul Bilbaok, Mertxe Mugikak.

Era berean, txalogarria Almeriako prentsa arduradunaren jokaera errespetua eskatuz eta ETBko kazetariarenabigarrenean ere euskaraz galdetzeagatik. Hirurei mila esker eta segi horrela. Espero dezagun gertaera honek laguntzea horrelakoak berriz gerta ez daitezen, ez Almerian, ez Euskal Herrian bertan.

Raül Agné entrenatzaileari ere berdin gertatu zitzaion duela urte batzuk:

 

Irakurtzen jarraitu...

Apirilaren 5ean Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Euskaraz Bizi Eguna ospatuko du Gasteizen. Egun horretarako egitarau zabala atontzeaz gain, bideo interesgarri bat egin dute Euskaraz Bizi Egunaren leloa, Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi, azaltzeko. Ferran Suayk idatzitako Bahamarren edukazio ona” izeneko testua oinarri hartu eta hainbat pertsonek egiten diguten kontakizunean Aparheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena azaltzen zaigu  eta hizkuntza minorizatuetako hiztunen jokabideekin lotzen da. Merezi du entzutea, gure hizkuntza jokabide batzuen azalpen argia baita.

 

 

Bahamar uharteko biztanle beltzen jokabidea edukazio ontzat jo dezakegu? Eta euskal hiztunok hizkuntza aldatzeko jokabidea edukazio oneko kontua da? Zergatik edukazio oneko jokabide hori bakarrik norabide bakarrekoa da, hau da, euskal hiztunak erdal hiztunarekiko?

Eta zu, oraindik espaloitik jaisten zara?

 

Irakurtzen jarraitu...

Aurreko batean TELP tailer batean parte hartzaile batek lagunekin izandako esperientzia bat azaldu zigun. Lagun talde batean madrildar bat etorri zitzaien eta denok elkarrekin bazkaria antolatu zuten.  Lagun taldeko batzuk beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura zuten, baina madrildarra bertan egonda, erreparoa ematen zien euskaraz hitz egitea euren artean eta hori dela eta, gaztelaniara pasatzen ziren.

Egoera berbera irudikatzen du Aretxabaletako Loramendi Elkarteak sarean eskegitako honako esketx honek. Ikus dezagun:

 

Harrigarria iruditzen al zaigu madrildarrak egoeraren aurrean duen portaera? Ba hasieran aipatu dugun esperientziak amaiera berbera izan zuen. Madrildarrak bideoko hitz berberak erabili zituen gure lagun taldeko euskal hiztunekin. Ikasgairen bat atera beharko genuke horretatik ezta?

Irakurtzen jarraitu...

Norbait gaztelaniaz zuzentzen zaigunean zein hizkuntzatan erantzuten diogu? Gure artean oso hedatuta dagoen aurreiritzi bat da edukazio falta dela euskaraz erantzutea gaztelaniaz hitz egiten dizutenean.

Teorian, badirudi errespetu adierazpen eredugarria izan daitekeela gaztelaniaz erantzutea gaztelaniaz egiten dizunari. Praktikan, aldiz, portaera horrek gaztelaniaren alde egiten duen idatzi gabeko arau bati erantzuten dio, edukazio txarreko eta antzekoak deitu ez gaitzaten.

Portaera horrek ez luke ezer txarrik izango euskara eta gaztelania garrantzia sozial berbera izango balute eta, ondorioz, erdaldunek ere hizkuntza aldatuko balute norbaitek euskaraz egiten dienean. Kontua da, ez dela horrela izaten, salbuespenak salbuespen. Era horretan euskararentzat kaltegarria den disimetria bat sortzen da: talde batean gaztelaniaz hitz egiten duen norbait badago, “edukazioagatik”, gainontzekoak ere gaztelaniaz hitz egiten dute. Horrela, euskaraz zuzentzen zaizkigunean bakarrik aritzen gara euskaraz, eta horrek,  euskararen ordezkatze prozesua indartzen duen euskararen ezkutaketa dakar hainbat esparrutan.

Bitoriano Gandiagaren poesia gogora ekar dezakegu, soziolinguistika ikasgai gisa:

Erabiltzen ez den Euskara
hil egiten da
mugitzen ez den bihotza
hil egiten den bezala.

Euskara ez da
asko ta asko galdu
asko eta asko erabili delako.
Askotan eta asko
erabili ez delako
galdu da euskara
askoan asko.

Ez da ezergatik, baina
galdu den euskara,
pitin bat bada ere,
eskuratuko bada
askotarako eta beharrez [halabeharrez] askoka
erabili beharko da.

Ez da ezergatik, baina
euskara hil egiten da
berriketetan euskaraz
hitz egiten ez bada.

Ez da ezergatik, baina
isiltzen duzun euskara
hiltzen duzun euskara da.

Errespetu kontu bat izango balitz, hizkuntza aldatzen dugunok beti euskaldunak garenez, ondorioztatu dezakegu erdaldunak ez direla errespetuzko pertsonak. Baina horrek ez du ez hanka ez bururik ezta? Hizkuntza izan beharrean, beste arlo bateko adibide bat jarrita, ulertu dezakegu aurreiritzi honen zentzugabekeria. Demagun ni lagun batekin egunero kafea hartzera joaten naizela. Egunero nik ordaintzen dut kafea, lagunak ez du inoiz ordaintzen. Egunero, egunero, egunero… Kasu horretan zer izango nintzateke? Errespetu handiko pertsona ala… (zuk zeuk jarri adjektiboa).

Era horretako fenomeno sozialek gertakari kezkagarri bat azaleratzen dute, eremu batzuetan (hirietan, esaterako) euskarak duen erabilera urria. Idatzi gabeko arau horrekin apurtzea ezinbesteko baldintza da normalizazio prozesu batean aurrera egiteko. Gainera, kasu askotan gaztelaniaz zuzentzen zaiguna ere euskalduna izan daiteke, edota ulermen maila ona duen gaztelaniaduna, beraz, zergatik ez erantzun euskaraz? Eman euskara elkarri, sorpresa atsegin asko edukiko ditugu eta.

Irakurtzen jarraitu...

Aurreiritzi linguistikoak sarritan hizkuntza minorizatuetako hiztunoi hizkuntza portaera normalizatu bat izatea galarazten digute. Horregatik ezinbestekoa da barneratuta ditugunak detektatu eta horiek desmuntatzea. Post hau eta, etorkizunean etorriko diren beste batzuk, zeregin horretara bideratua dago.

Aurreiritzi linguistikoak, oinarri sendorik ez duten balio-judizio edo iritziak dira, hizkuntza bati edota hizkuntza baten hiztunei buruz errefusa edo arbuioa sortzeko helburua dutenak. Ez gara aurreiritzi hauekin jaiotzen, ikasi egiten ditugu familian, komunikabideetan, lagunartean, hezkuntza sisteman eta abarretan. Aurreiritziak pertsona eta belaunaldien artean transmititzen dira diskurtso eta portaeren bidez.

Aurreiritziak mota askotakoak izan daitezke, baina oinarri komuna dute: desberdintasuna mesprezatzea edota asimilazioa indartzea. Adibidez, euskararen inguruan eman diren aurreiritzi zaharrak ditugu, gaur egun gaindituta (?) omen daudenak:

Hizkuntza minorizatuen kasuan aurreiritziak banakakoen eta kolektiboaren autokontzeptuan eragina izaten dute. Era horretan gure autoestimuan ere eragiten dute.

Euskararen erabileraren kontra eragiten ari diren aurreiritzi linguistikoak indartzen dituen diskurtsoa mendeetan zehar garatu da, ehunka urte iraun duen ordezkatze linguistikoaren prozesuaren baitan. Ondorioz, barneratuta ditugun aurreiritzi horiek aldatzea denbora luzea  eskatzen du eta hainbat zailtasunei aurre egitea, ezin baita mendeetan garatu dena egun gutxi batzuetan aldatu. Baina barneratuta ditugun aurreiritziei aurre egiteko estrategia egokia da ezarritako diskurtsoa zalantzan jartzen saiatzea eta diskurtso horrek oinarrian dituen kausak ezagutzea. Hurrengo post batzuetan horretan arituko gara, aurreiritzi zehatz batzuk zalantzan jartzen hain zuzen ere. Zuei aurreiritzirik bururatzen bazaizue beldurrik gabe bidali, horiei ere aurre egingo diegu eta.

Galizia aldean ere galizieraren erabilerari kalte egiten dieten hainbat aurreiritziei aurre egin behar diete. Bertatik datorkigu bideo hau, edozein motatako aurreiritziak gainditzera animatzen gaituena:

 

Irakurtzen jarraitu...

Hona hemen sarean aurkitu dugun irakurgaia. Zuek manamendu hauetakoren bat jarraitzen duzue?

I. Ez enbarazu egin. Ez nabarmendu (euskaraz eginez, erran nahi baita). Etxetik kanpo izan koxmopolita (erdaraz egin, erran nahi baita). Euskaraz etxean eta etxe-etxekoekin.

II. Izan “edukazio oneko” eta erdaraz mintzatu beti inguruan (10 metroko erradio batean, erran nahi baita) erdaldunik balego.

III. Zakurrei eta 8 urtez beherako haurrei euskaraz zuzentzea zilegi liteke. Alabaina adin horretatik gorako gaztetxoei euskaraz zuzentzea nabarmen geratzea da. Ikastolako / euskaltegiko irakasleek baino ez dute egiten hori, eta ez guztiek ere.

IV. Ezezagunari lehen hitza erdaraz egin. Erdaraz dakiela ziurra da. Bestela jokatzea nabarmen agertu nahi izatea da edo enbarazu egin nahi izatea.

V. Administrazio publiko batean euskarazko arretarik ez badizute bermatzen, ongi hartu. Prozesu guztiek behar izaten dute denbora. Gainera, prozesu batzuek, beste batzuek baino denbora gehiago behar izaten dute. Euskararenak kasu. Eta ez nabarmendu; halakoetan euskaldunak otzan jokatu ohi du eta. Areago, seguruenik administrazio horretako langile hori ezezagun zenuen ezta? Zer dela eta orduan, euskaraz enbarazu egin behar hori?

VI. Ez keinu txarrik egin ikastolako, Euskara elkarteko edo Euskara Zerbitzu publiko hartako lankide erdarazale amorratu horri. Ez nabarmen gerarazi. Nahikoa sufritzen du eta berak euskaldun tematiz eta enbarazu eginzalez inguratuta. Malgu izan. Bi malgu, mai frien.

VII. Hiperdenda handi horietan euskaraz dauden iragarki urriak ondo irakurtzerik ez baduzu, malgu jokatu eta erdarazkoetara jo, ondotxo menderatzen duzu eta. Gainera, ulergarriagoak izan ohi dira, jatorrizkoak direnez gero.

VIII. Alderdi abertzale bateko kide bazara, euskaraz egizu nahi beste batzar handietan (bestela ez): alderdikide erdaldunek ere egingo dizute txalo. Hori bai, alderdiko kargudunei euskaraz jakin beharrik eskatzea ez dakizula bururatu, bestelako txaloak jaso jaso ditzakezu eta. Besteei zer egin behar duten esatea oso itsusi dago (horretarako kargudunak leudeke, gainera).

IX. Alderdi “nonacionalista” bateko kide bazara, euskaraz “egun on – buenos dias” eta “Agur” esatea zilegi da. Hortik aurrera ez da komeni. Zeure onerako diotsugu.

X. Medikuarenean erdaraz. Izan ere, zer nahi duzu? Mediku ona ala euskalduna?

Eta Ertzainekin batez ere, “malgu” jokatu, komeni zaizu eta. Benemeritarekin nola? Galdetzea ere, konpai, horiekin oso-oso-oso “malgu”.

Tiraka.net

 

Irakurtzen jarraitu...