Euskal Herriko Unibertsitateko letren fakultateko Letrak Euskaraz! taldeak hainbat bideo zabaldu ditu interneten. Bideoetan fakultatean bizi dituzten egoera batzuk islatzen dituzte eta horrekin euskararen inguruan dauden aurreiritzi batzuei buruzko hausnarketa eragin nahi dute.

Gaur lehenengo esketxa ekarri dizuegu: Hablo erdera, soy más guay

Irakurtzen jarraitu...

Zuzeu.eus orainkari digitalean irakurri ahal izan dugu pertsona bati gertatutakoa. Udaltzaingora deitu eta euskaraz artatu ez eta euskarazko arreta esaktzerakoan deia moztu diote. Ondoren 112 telefonora deitu, ertzain etxearekin jarri eta euskarazko arretarik ez eta deia moztu. Hirugarren deia egin, beste ertzain etxe batekin jarri eta antzerako egoera, euskaraz artatu ez eta deia moztu. Azkenik, berriz ere lehenengo ertzain etxera deitu, euskarazko arreta eskatu eta azkenik euskaraz arreta egin dion pertsona bat jarri da. Egoera xehetasunez irakurtzeko hemen duzue lotura: Poliziarekin euskaraz

Esperientzia honetan eredugarria iruditu zaigu protagonistaren portaera. Zailtasunen aurrean etsi ez eta “denbora guztian lasai hitz eginez eta faltatu gabe” aritu da. Euskarazko arreta eskatu eta erdaraz egiteko izan dituen eskaeren aurrean ez du amorerik eman eta euskarari eutsi dio. Bejondeiola!

Gisa honetako egoerak konpontzearen giltza ez dago norbanakoaren portaeran menpe. Kasu honetan administrazioaren ardura da arreta ofiziala den hizkuntza batean egitea. Hala ere, gertaera honetako protagonistak erakusten digu bere portaerarak eragina izan dezakeela.

Azkenik Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Elebiden kexa jarri du. Kexak jartzea etorkizunean antzerako egoerak murrizteko aukerak handituko ditu. Bai administrazioan, bai arlo pribatuan ere. Hizkuntza arreta desegokia egiteagatik kexa jartzea arazoa azaleratea da, zerbitzua ematen duenari hobetzeko aukera bat ematea. Ez al da zentzuzkoa hobetzeko aukerak aprobetxatzea?

https://www.flickr.com/photos/govanriverside/6231108255

https://www.flickr.com/photos/govanriverside/6231108255

Irakurtzen jarraitu...

Aurreko astean hautsak harrotu zituen Eusko Jaurlaritzan Laura Mintegiri gertatutakoak. Prentsaurrekoa ematen hasi eta euskaraz hasi bazen ere, bat-batean gaztelaniara salto egin eta zera esan zuen: “Se que tenéis prisa para entrar a las diez, por lo tanto, voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera”. Hona hemen sekuentzia Youtubetik hartuta:

Zuzeu albistarian gertatutakoa zehatzago irakur dezakezue eta baita iruzkinetan internauten artean sortutako eztabaida. Laura Mintegik berak parte hartu zuen barkamena eskatuz, bere jardun gehiena euskarazkoa dela esanez eta bere iritzia azalduz. Hementxe: Bigarren mailakoak gara?

Gertaera hau ekarri nahi izan dugu hona, TELP tailerretan esaten dugun moduan, etsipen egoera sortarazten diguten adibideetako bat delako: eredua izan behar duenak kale egiten duenean. Adibide egokia iruditzen zaigu, pertsona publikoa den heinean, Laura Mintegik hizkuntzari ematen dion trataerak garrantzia handia duelako, bere ereduak eragin biderkatzailea izan baitezake, onerako zein txarrerako. Euskaldunok euskaraz bizi duten pertsonen ereduak behar ditugu, maila guztietan behar ditugu, eta zer esanik ez pertsona publiko ezagunen eredua. Horra hor kasu honek sortu duen eztabaidaren arrazoietako bat.

Gertatutakoa beste eremu batzuetara ere eraman dezakegu, jende aurrean hitz egin behar duen edonori gerta dakioke antzerako egoera bat: irakasle bati guraso bileretan, alderdi politiko edo sindikatu bateko kide bati prentsaurreko bat ematerakoan, hitzaldi bat eman behar duen gonbidatu bati eta abar. Honelakoetan norbaitek lehenengo erdaraz egiteko eskatuko baligu zer egingo genuke? Antzerako komunikazio jarduerak egin behar direnean garrantzitsua da komunikaziorako irizpide batzuk zehaztuta izatea. Jende aurrean komunikazioak egin behar duen pertsonarentzat irizpide horiei eustea errazago izango da aldaketak egiteko eskaeren aurrean. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikazio irizpideak zehaztu eta jendeari komunikatzeko egindakoa praktika ona iruditzen zaigu. Horregatik eskola, alderdi politiko, sindikatu, erakunde eta antzerakoei gomendatzen diegu hizkuntza irizpide batzuk zehazteko.

Bestalde, gogoratu behar dugu, Laura Mintegiri gertatu zaion moduan, denoi gertatzen zaizkigula antzerako egoerak non ematen dugun erantzuna ez da nahiko genukeena. Horrelakoetan erruduntasun sentimenduekin gure burua zigortu beharrean, hurrengo baterako ikasgai gisa baliagarria izan daitekeela pentsatzea komeni zaigu eta, noski, hurrengo batean berdina gerta ez dakigun neurriak pentsatu eta praktikan jarri.

Eta bukatzeko ohartxo bat: ez zaigu ahaztu ez, 10 urte pasatu dira Euskaldunon egunkaria itxi zigutenetik…

 

Irakurtzen jarraitu...

Gaurkoan bi esperientzia ekarri nahi ditugu hona. Biak urtarrila aldean argitaratu dira bi blog desberdinetan. Bata bizi-pena moduan sailkatu dezakeguna 😉 Bestea arrakasta gisa.

Lehenengoa Joxe Rojasek azaldu du barretartia.com webgunean. Umorez kontatzen du frutadenda batean gertatu zitzaion pasadizoa. Auzoan frutadenda berria jarri dutela eta hortxe joan da gure Joxe motibazioz lepo euskaraz eskatzera. Bere txanda heldu eta dendariari irrifartsu esan dio: “Euskaraz?” Eta zer gertatu zen? Hobe pasadizo osoa Joxeren hitzetan irakurtzen baduzue. Hementxe duzue: uscaras no tengo amante

Umorez kontatuta ere, argi dago antzerako egoerak sarritan gertatzen zaizkigula euskaldunoi. Kasu honetan, gure ustez, badaude kontuan hartzeko hainbat gauza. Elkarrizketa hasteko dendariari galdetzea ea euskaraz artatuko gaituen, baimen eskaera dirudi. Beraz ezetz esaten badigu zer? Nola jarraituko dugu? Galdera bera egitea baino eraginkorragoa da zuzenean euskaraz eskatzea. Dendariak ulertzen ez badigu, orduan keinuekin seinalatu dezakegu zer nahi dugun (kokapena seinalatuz) eta zenbakiak eskuen bidez irudikatu (adibidez bi kilo, bi hatzamar altzatuz). Era horretan dendariak ulertuko gaitu. Hau guztia irrifar batez eginda, Joxek ondo egiten duen moduan, ziur gaude egoera arrakastatsu bilakatuko litzatekela.

Eta baliabide horiek bigarren esperientziara garamatzate, arrakastara hain zuzen ere. Markel Olanok bere blogean (markelolano.net) argitaratu zuen gertaera:

No le entiendo, hableme en castellano

Gazte bati gasolindegi batean gertatutakoa azaltzen du. Kutxan ordaintzerakoan euskaraz “Hirugarrena mesedez” esan zuen. Kutxakoak “No le entiendo, hableme en castellano por favor”. Gazteak berriz ere esaldi bera errepikatu zuen eskuko hiru atzamar altxatuz. Kutxakoak berriz ere ulertzen ez zuela eta gaztelaniaz egiteko eskatu zion. Elkarrizketa berriz errepikatu zen hamar minutuz eta gaztearen atzean zai zegoen jendea haserretzen hasi zen. Azkenean kutxakoak ezin izan zuen gehiago jasan eta modu txarrean gazteari zegokiona kobratu zion. Gaztea irtetzen ari zela ikusi zuen hurrengo bezeroak kutxakoari euskaraz “Laugarrena mesedez” eta eskuko lau atzamar altxatzen zizkiola. Ulertuko ote zion? Haur batek ulertuko luke:

Gure aldetik gaztea zoriondu nahi dugu bere portaeragatik. Arrakasta lortzeaz gain eredu bilakatu da eta.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Gure lankide ohi den Inazio Usarraldek azpiko mezua bidali zigun Iruñeako taberna batean izandako esperientziaren berri emanez. Hitza berari emango diogu, gertatutakoa jakitzeko:

Ekainaren 1a, goizeko 11:00ak, Euskarabidean formazio saio bat ematen ari garela atseden tartean Hor Konpon tabernara joan gara hiru lagun zerbait hartzera. Sartu garenean, barra atzean, emakume ilehori bat dago zerbitzari eta hauxe izan da gutxi gorabehera gure elkarrizketa:

Ni: Bai, kortau deskafeinatu bat, koka kola bat…

Zerbitzaria: Ah, no, si no me hablas en castellano yo no te voy a entender, o sea que o me hablas en castellano o… Un cortao y ¿qué más? (tonu bortitzean, aurpegiko koloreak gorrituta, buelta eman eta eskatutako kafea ateratzera doala)

Ni: Koka kola bat mesedez (hatzez bat adieraziz eta urduritasunak utzitako lasaitasun handienarekin)

Z: ¡Qué no, qué no, que no! Te he dicho que no te entiendo y como no te entiendo no te voy a sacar. ¿Bueno qué? (taldeko beste bati zuzenduz, ea hark gaztelaniaz eskatzen zion lortu nahian)

Ni: Esan dizut koka kola bat, eta beste kafe bat era bai. (Patxadari heldu ezinik, urduri eta aurpegiko espresioa zein barruko tripen tsunamia kontrolatu nahian).

Z: (erre ke erre berean) Que te he dicho que si no pides en castellano no te voy a sacar. (ordurako koka kola aterea zuen eta eskatutako azkeneko kafea barra gainera ekarri zuen). Es que parece una falta de educación que si yo no entiendo…

(Puntu horretara iritsita, neka-neka eginda nengoen egoerari ezin eutsirik ia eta ez nuen jarraitu berak zabaldu zuen edukazioaren haritik. Beste bide bat hautatu nuen)

Ni: Bueno, pues ahora me va a dejar el libro de reclamaciones por favor.

Z: ¡pues no tenemos! (gogor, baina ordurako bera ere urduri zegoela nabari zen. Gauzak pentsatu gabe esaten ari zen)

Ni: ¿Cómo que no tienen? Pues tienen que tener…

Hortik aurrerakoa azkar joan zen, ekarri zuen erreklamazio orria, nik bete nuen, bera oso urduri zebilela nabaritu nion, atzera eta aurrera gelditu gabe ibili baitzen nik idazten nuen bitartean. Azkenean, idazten amaitu nuenean (horrelako giroa piztu eta gero eta aurrean zein neukan jakinda, zein hizkuntzetan egingo zenukete erreklamazioa?) deitu nion zerbitzariari eta euskaraz idatzitako erreklamazioan zer jarri nuen azaldu nion, modurik atseginenean. Erronda ordaindu eta atera ginen kafe garratz hau hartzetik.

ZER IRUDITU ZITZAIDAN LARRIENA?

-Berak erabili zuen tonu gogorrak eta kosta ahala kosta inposatu egin zidan gaztelaniaz egin behar niola. Eta hortik euskaldunok ez dugula pasa behar iruditzen zait: inon inor ez da nor beste bati nola hitz egin behar duen inposatzeko.

Beraz, oso mingarria iruditu zitzaidan bere jarrera, nire ohorea urratu zuela uste dut eta publikoari zabalik dagoen leku batean (nahiz pribatua izan) beste jokamolde batzuk erakutsi behar dituela iruditzen zait.

ZER ESKATU NUEN ERREKLAMAZIOAN?

Hurrengorako jarrera hobea azaltzea bezeroekiko eta, batez ere, hizkuntza bat erabili edo bestea erabili aukera pertsonala izan behar duela gogoraraztearekin batera, komunikazioan eragozpenak sortzen badira badaude beste modu batzuk hori adierazteko.

AMAITZEKO, NOLA SENTITU NINTZEN?

Momentuan oso trago txarra pasa nuen. Izugarri mindu nintzen. Hiru aukera neuzkan: bat, bere mailan jarri eta builaka hasi; bi, hartu, buelta eman eta ezer esan gabe ospa egin (bakarrik izan banintz hau egingo nukeen baina hiru lagun ginenez…); eta hiru, egoerari asertibitatez eutsi, eta erakutsi hizkuntzak ez zuela momentu horretan inongo eragozpenik sortzen komunikagarritasunean.

Irteeran, gustura atera nintzen nire buruarekin azkenik, pertsona horri abisu zehatza eman niola iruditzen zaidalako, ezin duela bezeroen aurrean horrela jokatu.

Horra Inaziok kontatutakoa. Eta zuk nola jokatuko zenuke horrelako egoera batean?

Irakurtzen jarraitu...