ARGIAko artikulu batek familiako hizkuntza-portaera eta ereduen hausnarketa egiteko aukera ekarri digu. Mungiako Larramanedi ikastolako gurasoak kezkatuta daude euren haurrek duten erdararako joerarekin. Joera hori gero eta haur txikiagoen artean zabaltzen ari dela ikusita, egitasmo bat abian jarri dute gurasoen artean hizkuntza portaeren eta haurrei ematen dieten ereduen inguruan hausnartzeko.

Gai horri buruzko ideia interesgarriak aurki ditzakegu Paula Kasaresek idatzitako Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik artikuluan, zeinak Hausnartu Soziolinguistika sarien IV edizioko lehenengo saria jaso zuen. Artikuluan hizkuntzaren familia bidezko transmisioaren ohiko ikuspegia (gurasoengandik seme-alabengana) gainditu eta hizkuntza sozializazioari buruz hitz egiten du. Hizkuntza sozializazioa prozesu dinamikoa, elkarreragilea, bizitza osoa hartzen duena eta ingurumenari lotua dagoela adierazten du. Horren harira, azpimarratzen du gurasoek haurren hizkuntza jarduera eta jarrerak eratzen dituztela baina haur txikiak ez direla transmisioaren jasotzaile pasibo hutsak, baizik eta horrez gain eragile direla familian.

 Kasaresen arabera, haurrak berehala jabetzen dira hizkuntzaren erabilera-arauez, gizarte jardueretan hizkuntza nola erabiltzen den ikusita eta egoera horietan parte hartuta. Horrela, haurrek hizkuntza ez ezik, hizuntza erabiltzeko arau sozialak, hizkuntzen arteko hierarkia eta halakoak ere barneratzen dituzte. Sozializazio elebiduna izan duten haurrek bi hizkuntzak ikastearekin batera, bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi eta noiz nahasi ere ikasten dute.

  Gaiak heltzeko ertz asko baditu ere, horietako bat gure seme-alabei ematen diegun eredua da. Seme-alabei hizkuntza transmititzen diegunean, horrekin batera nola, noiz, norekin eta zertarako erabili ere transmititzen diegu. Ondorioz eredugarria izatea gure esku dago, ez gehiago, baina ez eta gutxiago ere. 

 Eredugarritasunaren gaia lantzeko, hemen entzun dezakezue Gureaz blai irrati saioaren 34. saioa. Besteak beste, eredugarritasuna eta aisialdiko kontsumoari buruz hitz egiten duteituzte.

Irakurtzen jarraitu...

Albert Bandura psikologo kanadiarra ezaguna da behaketak ikasketan duen eraginaren inguruko esperimentuengatik  eta horietan oinarrituz teoria kognitibo soziala garatu zuelako. Eragin handia duen psikologotzat jotzen da Bandura. Bere ustez, behaketa bidezko ikasketak garrantzia handia du sozializazio prozesuan. Kultura guztietan gizakiak behaketa bidez jasotzen ditu ereduak, ezagutzak, estrategiak, portaerak eta jarrerak. Horregatik behaketa bidezko ikasketan eredua informazio iturri bilakatzen da eta berebiziko garrantzia du portaerak, ezagutzak eta abarrak trasmititzerakoan. Teoria horren arabera, ereduak portaera bat transmititzeko eta imitatua izateko izan dezakeen efikazian eragina du, besteak beste,  ereduak esaten eta egiten duenaren arteko koherentzia.

Horren harira hausnarketarako gaia eman digu azken egunetan irakurri ditugun bi kontu:

Bata BERRIA egunkarian irakurle batek idatzitako gertaera baten inguruan: euskara sustatzeko kanpaina.

Bestea, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen web orrialdean mintzalagun proiektuan parte hartzen duen Xiomara Galvis Azkoitiarrari egindako elkarrizketan, ea herriko jendeak euskaraz egiten dion galdetzerakoan Xiomarak emandako erantzuna:  “Bai, baina ez beti! Eta horrek asko amorratzen nau. Askotan pasatzen zait kalean norbaitekin hitz egiten hasi, eta hark niri gaztelaniaz egitea. Nik euskaraz berari eta hark niri gaztelaniaz, ridikulua da! Eta nik esaten dut: aizu, nik badakidala euskaraz!”

Behaketa bidezko ikasketaren teoriara bueltatuz, imitazioa ideia, balore eta portaera motak zabaltzeko bide garrantzitsua da gizartean. Baita ere aldaketa transkulturalak lortzeko bidea ere.

Gutako bakoitzaren hizkuntza portaera eredua da beste pertsonentzat. Gure familiakoentzat, lagunentzat, lankideentzat, ezagunentzat. Bakoitzak bere bere mailan, batzuk hedapen handiagoa eta beste batzuk txikiagoa izan dezakegu, baina eragina dugula ezin ukatu. Hortaz, ematen dugun ereduaren efikaziari dagokionez, gure esku egon daitekeen gakoetako bat esaten eta egiten dugunaren arteko koherentzia bada, efikazak gara?

 

 

 

 

Irakurtzen jarraitu...