Azken egun hauetan azpian duzuen esketx hau (Prozaka.eus antzezlanekoa) bolo-bolo zabaldu da euskaldunen sare sozialetan. Post hau irakurtzen jarraitu baino lehen, esketxa ikustera animatu nahi zaituztegu:

Umorez egindako esketx honek bete-betean irudikatzen du euskaldun askoren artean dagoen joera: euskaraz aritzeko zailtasunak dituen pertsona baten aurrean euskaraz egin beharrean gaztelaniara aldatzea.  Konturatzen ote gara gure portaera horrek dituen ondorioez? Portaera horrekin ematen dugun mezuaz?

Pentsa: pertsona batek euskara ikasteko ordu ugari eman behar ditu euskaltegian. Hainbat urtez luzatzen den prozesu batean murgiltzen da. Bigarren (edo enegarren) hizkuntza ikasteko ahalegina egiten du. Prozesu horretako une batean,  nahikoa ausardia lortu ondoren, euskaldunekin euskaraz egiteko ahalegina egiterakoan… hara! Euskaldunok gure portaerarekin horrenbeste ahalegin egin behar ez zuela adierazten diogu! Guk hizkuntzaz aldatzen dugu eta pertsona horri aditzera ematen diogu bere euskaltegiko ordu guztiak, bizi-poz eta bizipenak alferrikakoak direla; ez dutela ezertarako balio izan.

Zertarako ikasi euskara euskal hiztunekin hitz egiteko ez bada?  Eta nola ikasi euskara euskaltegitik kanpo praktikatzen ez bada?

Euskaldun berri batek euskaraz egiteko ahalegina egiten duenean, euskaldunok eman diezaiokegun laguntzarik onena berarekin euskaraz aritzea da. Euskaltegian ikasi duena praktikatzeko aukera ematen diogu. Bere ahaleginari zentzua ematen diogu, euskaraz komunikatzeko gai dela ikusiko baitu, eta hori oso motibagarria izango da beretzat. Gainera, euskaltegitik kanpo zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta denbora gutxiago (eta diru gutxiago) beharko du euskara ikasteko, hau da, bere ikasketa prozesua laburtzen eta azkartzen lagunduko diogu. Azken batean euskara erabiltzeko gunea eskaintzen ari gara.

Euskaldun berriek beren denboraz eta diruz ereiten dute euskararen hazia beraien barnean. Hazi horrek fruitua emateko euskaldunon ekarpena, konplizitatea, beharrezkoa da. Lorezainak bezala izan behar dugu, pazientziaz hazia ureztatu, zaindu, besterik ez da behar. Denborarekin fruitua emango du. Inguruan euskaldun berri bat baduzue, ureztatu ezazue… euskararekin.

 

Irakurtzen jarraitu...

ARGIA-n argitaratutako artikulu hau interesgarria iruditzen zaigu elebitasun pasiboa jorratzen duelako. Zergatik ez hitz egin euskaraz ulertu baina hitz egin ezin duenari? Euskal hiztunari euskaraz aritzeko aukerak biderkatzen zaizkio elebidun hartzaile edo pasibo izendatutako horiei ere euskaraz eginez gero. Gainera ez dakienari euskaraz egitea ez da onuragarria euskara hiztunarentzat soilik, baita erdaldunarentzat eta euskara ikasten ari denarentzat ere. Euskarara hurbiltzeko modua litzateke ulermena lantzea, gero poliki-poliki, hitz egiten hasteko.

Azken batean, bi hiztunek hizkuntza desberdinetan elkar komunikatu eta ulertzeko gaitasunaz baliatzea da TELP tailerretan proposatzen dugun baliabideetako bat. Artikuluan dioen moduan, hizkuntza alternantzia hori hizkuntza aniztasun handiko herrialdeetan (Kamerun, India…) aspaldi erabiltzen da.

Irakurtzen jarraitu...