Egiako auzoan euskaraz bizitzeko egindako esperientziari jarraituta, euskaraz bizitzeko esperientziak ugaritzen ari dira gure inguruan.

Alde batetik, Donostiako Añorga auzoan  “Añorgan euskaraz bizi “ esperientzia jarri dute abian. Egian egin zen bezala, Añorgan ere TELP tailerra izan dute bidelagun esperientzia honetan: Partaideetako baten esanetan: “Asko lagundu zigun ostiralean egin genuen TELP tailerrak. Hamabost lagunek parte hartu genuen, eta oso gustura geratu ginen. Horrek ere beste bultzada bat eman dio dinamikari”.

Esperientziaren lehenengo bideoak sareratu dituzte jada:

 

Añorgako esperientziaren berri emanez, Irutxuloko Hitzan artikulua argitaratu zuten: Añorgan euskaraz bizi nahi dugulako

Bestetik, Lasarte-Orian urriaren 22 eta 23an Euskararen 9. Maratoia antolatu dute. Euskararen Maratoia 1986. urtean jaio zen, erronka batekin: 40 ordu baietz! Baina aurten antolatzaileek marka hori gainditzeko apustua egin dute, Euskararen Maratoitik Euskararen Egunera bitartean dauden 40 egunetan euskaraz egiteko erronka jarri dute.

Erronka honen bidez euskalduna, ahalmendu, euskahaldundu eta egunerokoan orain baino gehiago euskaraz egitera lagunduko du. Herritarren ohiko hizkuntza ohituretan dituen ondorioak neurtzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren laguntzarekin, EHUko Pello Jauregi doktoreak zuzenduko du ikerketa-ekintza hau.

Irten armairutik! aurkezpen bideoa ere egin dute:

Informazio gehiago hemen duzue: Euskararen maratoia

Azkenik, Agurainen  “75 ordu euskaraz Agurainen” egitasmoa jarri dute martxan. Azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskara esparru guztietara eramango dute, “lehen hitza, bigarrena eta hirugarrena ere euskaraz eginda”.

BERRIAn artikulua argitaratu zuten horren harira: Ohiturak aldatzea xede

Esperientzia hauen bidez, esperientzia pertsonalari esperientzia komunitarioa gehitzen zaio, auzo eta herrietako biztanleen hizkuntza ohituretan  eragiteko asmoz.

 

Irakurtzen jarraitu...

Oarsoaldeko HITZAk artikulu luzea argitaratu zuen Oiartzungo Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatu eta Emun Aholkularitzak emandako TELP tailerraren inguruan.

Artikuluan, TELP tailerraren kronika egiteaz gain, partaideei galdera batzuk egin zizkieten erantzun zitzaten eta Ainhoa Lasa TELP dinamizatzaileari elkarrizketa mamitsua egin zioten. Artikulua hemen irakur dezakezue:

Elegantzia da jokamoldea

Era berean, Diario Vasco egunkarian ere Oiartxunen egindako TELP tailer horren berri eman zuen:

Hizkuntza ohiturei buruzko TELP ikastaroan, denak gustura

Irakurtzen jarraitu...

Liburu interesgarria argitaratu du Karmelo Ayestak: Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia.  Bertan Karmelok euskaraz bizitzeko hautua egin eta horrek sortu dizkion bizipenetan oinarrituz hainbat gomendio ematen ditu ibilbide horri ekin nahi dion orori baliagarriak izango zaizkionak. Beste era batera esanda, egileak batean bere hizkuntza biografia eginez, hizkuntza ohiturak aldatzeko beretzat garrantzitsuak izan diren gako batzuk azaltzen ditu. Irakurtzeko modu erraz eta atseginean idatzita dago, teoria eta adibideak tartekatuz. TELP tailerretan lantzen diren hainbat gako ere azaltzen dira liburuan. Irakurgai baliagarria zalantzarik gabe.

Liburua irakokitzailea ere bada, egileak sortu duen blogean irakurleek utzi dituzten iritziak eta bizipen pertsonalak ikusita. Bereziki hunkigarria iruditu zaigu Bilboko Anek idatzitako iruzkina. Berak ere bere hizkuntza biografia idazteko baliatu du iruzkina eta azaltzen duenez, liburuak lagundu dio urteetan egindako ahaleginak eta porrotek utzitako ezintasun sentimenduak gainditzen .

Euskal hiztunen esperientziekin jarraituz, Topatu.infon ere Maddi Ane Txoperenak eguneroko interakzio batean lortutako arrakastaren berri ematen du Jarrera kontu bat artikuluan.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Duela aste batzuk galdera hori egiten zuten www.31ekutik blogean argitaratutako Nork berean artikulu interesgarrian. Artikuluak berak galderari erantzuteko hainbat gako ematen ditu. Guk gure aletxoa gehitu nahi diogu TELP tailerren ikuspegitik.

Euskararen ezagutzak gora doan heinean, euskaldunok gero eta aukera gehiago dugu euskarazko solasak ¡zateko. Hala ere, eguneroko hainbat egoeratan zaila egiten zaigu gure hizkuntza erabiltzea. Zergatik? besteak beste:

  • Aurreko belaunaldiengandik ikasi dugun hizkuntza portaera imitatzen dugulako ,oharkabean.
  • Gure egunerokoan behatzen dugun portaera imitatzen dugulako.
  • Aurreiritzi ugari ditugulako (edukazioa, euskara zaila da, gure hizkuntza bigarren mailakoa da e.a.), gure portaera askea oztopatzen dutenak.
  • Beldurra:  euskaldunok beldurra diogu geure burua euskaldun agertzeari ezezagunen aurrean, aurrez aurre duguna erdaldun oldarkorra izango delakoan…

Ikasitako portaerak horiek, baina, desikasi ditzakegu, portaera berriak ikasiz. Hiztun askeak eta osasuntsuagoak izan nahi badugu, solasetan euskaraz eroso jarduteko trebetasun sozialak ikasi behar ditugu eta egunerokoan praktikan jarri, ezohikoak diren egoera horiek normalago ikus ditzagun (bai guk eta baita gure ingurukoek ere).

Aurrez aurre dugun solaskideari guk zer nahi dugun esan beharko genioke, eroso, errespetuz. Hori nola egin jakiteko, TELP tailerretan zenbait baliabide eskaintzen ditugu eta ezinbestekoa izango da hiztunok eguneroko egoeretan praktikatzea.

Horrela, euskara gehiago erabiliko dugu , geure buruarekin gusturago izango gara eta euskal hiztun oso eta osasuntsu gisa jokatu ahal izango dugu.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Lekeitioko Biztanleen artean euskararen ezagutza oso altua da. %86 inguru euskalduna da eta gainontzeko ia guztiak euskara ulertzeko gai direla esan daiteke. Hala ere, euskararen erabilera da kezka iturri Lekeitioko Euskara Batzordearentzat. Kale neurketa datuak beheranzko joera erakusten dute azken urteetan. Orain arte euskaraz bizi izan den jende askorengan erdararako joera handitzen ari zaiola egiaztatu dute.

Joera hori irauli nahian, Udaleko Euskara Batzordeak herritarrei laguntza eskatu eta elkarrekin irtenbideak topatzeko azpi-lantalde bat sortu du.  Lantaldean, Euskara Batzordeko kideez gain, herritarrek ere parte hartzen dute eta, oraingoz, 30 pertsona elkartzea lortu dute. Hemendik aurrera, kideen formaziora begira hainbat saio jasoko dituzte, TELP tailerretako edukiak barne, ondoren udalarekin batera kalera begirako dinamika bat martxan jartzeko asmoarekin. Prozesua oraindik guztiz zehaztuta ez dagoen arren, aurrera begira pausoak eman nahi dituzte, herritarron parte hartzea sustatuz hizkuntza ohitura eraldaketa prozesu honetan.

Esperientzia interesgarria da euskararen erabileraz kezka duen edozein herrirentzat, herritarren parte hartzea sustatzeko eta hizkuntza portaerak hobetzeko dinamika bat nola abiatu daitekeen ikusteko balio baitezake.

Lekeition abiatu duten dinamika honetan, zertan eragin nahi duten, nola egiteko asmoa duten eta norbanakoen egitekoa zein izan daitekeen zehatzago ezagutu nahi baldin baduzu, hemen duzu Info7ko Gureaz Blai irratsaioan Lekeitioko Udaleko teknikaria Iker Ajuriagerrari egindako elkarrizketa:

Gureaz Blai 49 Iker Ajuriagerrarekin elkarrizketa.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan TELP tailerraren berri eman dute:

Hizkuntza ohiturak hobetzen aritu dira Lekeition egin duten TELP tailerraren lehen saioan

 

Irakurtzen jarraitu...

 ARGIAko artikulu batek familiako hizkuntza-portaera eta ereduen hausnarketa egiteko aukera ekarri digu. Mungiako Larramanedi ikastolako gurasoak kezkatuta daude euren haurrek duten erdararako joerarekin. Joera hori gero eta haur txikiagoen artean zabaltzen ari dela ikusita, egitasmo bat abian jarri dute gurasoen artean hizkuntza portaeren eta haurrei ematen dieten ereduen inguruan hausnartzeko.

Gai horri buruzko ideia interesgarriak aurki ditzakegu Paula Kasaresek idatzitako Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik artikuluan, zeinak Hausnartu Soziolinguistika sarien IV edizioko lehenengo saria jaso zuen. Artikuluan hizkuntzaren familia bidezko transmisioaren ohiko ikuspegia (gurasoengandik seme-alabengana) gainditu eta hizkuntza sozializazioari buruz hitz egiten du. Hizkuntza sozializazioa prozesu dinamikoa, elkarreragilea, bizitza osoa hartzen duena eta ingurumenari lotua dagoela adierazten du. Horren harira, azpimarratzen du gurasoek haurren hizkuntza jarduera eta jarrerak eratzen dituztela baina haur txikiak ez direla transmisioaren jasotzaile pasibo hutsak, baizik eta horrez gain eragile direla familian.

 Kasaresen arabera, haurrak berehala jabetzen dira hizkuntzaren erabilera-arauez, gizarte jardueretan hizkuntza nola erabiltzen den ikusita eta egoera horietan parte hartuta. Horrela, haurrek hizkuntza ez ezik, hizuntza erabiltzeko arau sozialak, hizkuntzen arteko hierarkia eta halakoak ere barneratzen dituzte. Sozializazio elebiduna izan duten haurrek bi hizkuntzak ikastearekin batera, bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi eta noiz nahasi ere ikasten dute.

  Gaiak heltzeko ertz asko baditu ere, horietako bat gure seme-alabei ematen diegun eredua da. Seme-alabei hizkuntza transmititzen diegunean, horrekin batera nola, noiz, norekin eta zertarako erabili ere transmititzen diegu. Ondorioz eredugarria izatea gure esku dago, ez gehiago, baina ez eta gutxiago ere. 

 Eredugarritasunaren gaia lantzeko, hemen entzun dezakezue Gureaz blai irrati saioaren 34. saioa. Besteak beste, eredugarritasuna eta aisialdiko kontsumoari buruz hitz egiten duteituzte.

Irakurtzen jarraitu...

Zarauzko EHEk ekimen interesgarria abiatu du. Hainbat egoeratan euskaraz mantendu ahal izateko zer egin dezakegun erakusten dizkiguten esketxak grabatu eta zabaltzen ari dira. Esketxek helburu pedagogikoa dute, lehenengo egin behar ez dena ikusi eta ondoren nola egin daitekeen erakusten dute. Era horretan, euskaldunei ereduak ematen dizkiete.

Hona hemen bideoak:

Pertsona bati lehenengo hitza zuzentzerakoan, utikan estereotipo eta aurreiritziak:

Publiko aurrean hitz egin behar den egoeretan ere, nola egin daitekeen proposatzen dute, eredu izatearen garrantzia gogora ekarriz:

Azkenik, lagun koadrilan  4 euskaldun + erdaldun 1 = 5 erdaldun ekuazioa apurtzeko jarraibideak ere ematen dizkigute:

Ekimen baliagarria benetan Zarauzko EHEkoek abiatu dutena. Biba zuek!

Irakurtzen jarraitu...

Aurreko batean TELP tailer batean parte hartzaile batek lagunekin izandako esperientzia bat azaldu zigun. Lagun talde batean madrildar bat etorri zitzaien eta denok elkarrekin bazkaria antolatu zuten.  Lagun taldeko batzuk beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura zuten, baina madrildarra bertan egonda, erreparoa ematen zien euskaraz hitz egitea euren artean eta hori dela eta, gaztelaniara pasatzen ziren.

Egoera berbera irudikatzen du Aretxabaletako Loramendi Elkarteak sarean eskegitako honako esketx honek. Ikus dezagun:

 

Harrigarria iruditzen al zaigu madrildarrak egoeraren aurrean duen portaera? Ba hasieran aipatu dugun esperientziak amaiera berbera izan zuen. Madrildarrak bideoko hitz berberak erabili zituen gure lagun taldeko euskal hiztunekin. Ikasgairen bat atera beharko genuke horretatik ezta?

Irakurtzen jarraitu...

TELP tailerretan parte hartutako lagun batek honako arrakasta egoera bidali digu:

Atzo semearen Waterpolo partidua ikustera joan nintzen eta lagun batekin egon nintzen. Lagun honek euskara ulertzen du eta erraztasuna ez izan arren, hitzegiteko gaitasuna badu baina gure artean beti erdaraz hitzegiten dugu. Partiduan geundela, nik berarekin beti euskaraz hitzegiten dudan beste lagun bat etorri zen eta hirurok egon ginen. Orduan, hiruron arteko elkarrizketa bihurtu zenez, biekin euskaraz hitzegitea erabaki nuen. Hasieran, lehenengo laguna moztuta geldituko ote zen pentsatu nuen eta elkarrizketa guztia euskaraz jarraitzeko ahalmena izango ote nuen zalantzak izan nituen. Baina, lagun honek euskaraz jarraitu zuen eta niretzat arrakasta egoera bat izan zen.

Egoera horretan azpimarratu nahi genuke gure lagunak bere ohituretan aldaketa bat sortzen hasteko une egokia aprobetxatu zuela (elkarrizketa bi pertsonen artekoa izatetik hiruren artekoa izatera pasatzea) eta erabakia hartu zuela (hitzez hitz: biekin euskaraz hitzegitea erabaki nuen). Bere zalantzak izan bazituen ere, horiek gainditu eta egoera arrakastatsua bihurtzea lortu zuen.

Arrakasten ildotik jarraituz, euskaratik aktibismora blogean beste arrakasta baten berri eman digute, egoera modu laburrean azalduz eta ondorio batzuk aipatuz. Merezi du irakurtzea: “¿Has visto el balón?” galderari zer erantzun.

Arrakasta txikiak direla pentsa dezake norbaitek, baina arrakasta txiki askorekin eraikitzen dira aldaketa handiak.

Irakurtzen jarraitu...

Azpidazki webgunean Ehureka aholkuak bildumaren barruan, hainbat bideo labur argitaratu dituzte. Guk bi bideo ekarri nahi izan ditugu gure blogera, egoera arruntetan nola jokatu daitekeen eta hizkuntza ohituren aldaketarekin lotutakoak hain zuzen ere.

Lehenengo bideoan, Zer egin izenekoa, egoera arruntetan euskararekin nola jokatu daitekeen adierazten diguten aholkuak ematen dituzte. Unibertsitateko egoera arruntetara bideratutakoa bada ere, aholkuak beste egoera askotan aplikatu ditzakegu. Adibidez, norbaitek erdaraz egiten badigu, guk euskaraz egin diezaiokegu? Edukazio txarrekoa al da? Erantzuna bideoan duzue.

Bigarren bideoan, hizkuntza ohiturak aldatzeko pistak, hainbat gomendio eta hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz egin diren ikerketen gako nagusiak ematen dira.

Zalantza barik, gomendio baliagarriak eta gogoan edukitzekoak dira. Nork ez du horrelako egoerarik bizi?

Irakurtzen jarraitu...