ARGIAko artikulu batek familiako hizkuntza-portaera eta ereduen hausnarketa egiteko aukera ekarri digu. Mungiako Larramanedi ikastolako gurasoak kezkatuta daude euren haurrek duten erdararako joerarekin. Joera hori gero eta haur txikiagoen artean zabaltzen ari dela ikusita, egitasmo bat abian jarri dute gurasoen artean hizkuntza portaeren eta haurrei ematen dieten ereduen inguruan hausnartzeko.

Gai horri buruzko ideia interesgarriak aurki ditzakegu Paula Kasaresek idatzitako Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik artikuluan, zeinak Hausnartu Soziolinguistika sarien IV edizioko lehenengo saria jaso zuen. Artikuluan hizkuntzaren familia bidezko transmisioaren ohiko ikuspegia (gurasoengandik seme-alabengana) gainditu eta hizkuntza sozializazioari buruz hitz egiten du. Hizkuntza sozializazioa prozesu dinamikoa, elkarreragilea, bizitza osoa hartzen duena eta ingurumenari lotua dagoela adierazten du. Horren harira, azpimarratzen du gurasoek haurren hizkuntza jarduera eta jarrerak eratzen dituztela baina haur txikiak ez direla transmisioaren jasotzaile pasibo hutsak, baizik eta horrez gain eragile direla familian.

 Kasaresen arabera, haurrak berehala jabetzen dira hizkuntzaren erabilera-arauez, gizarte jardueretan hizkuntza nola erabiltzen den ikusita eta egoera horietan parte hartuta. Horrela, haurrek hizkuntza ez ezik, hizuntza erabiltzeko arau sozialak, hizkuntzen arteko hierarkia eta halakoak ere barneratzen dituzte. Sozializazio elebiduna izan duten haurrek bi hizkuntzak ikastearekin batera, bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi eta noiz nahasi ere ikasten dute.

  Gaiak heltzeko ertz asko baditu ere, horietako bat gure seme-alabei ematen diegun eredua da. Seme-alabei hizkuntza transmititzen diegunean, horrekin batera nola, noiz, norekin eta zertarako erabili ere transmititzen diegu. Ondorioz eredugarria izatea gure esku dago, ez gehiago, baina ez eta gutxiago ere. 

 Eredugarritasunaren gaia lantzeko, hemen entzun dezakezue Gureaz blai irrati saioaren 34. saioa. Besteak beste, eredugarritasuna eta aisialdiko kontsumoari buruz hitz egiten duteituzte.

Irakurtzen jarraitu...

Egun hauetan haur eta gazteen euskararen erabilerari buruzkoak puri-purian daude. Euskarak eskoletan duen tokiari buruzko azterketa egin dute Eusko Jaurlaritzak, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak, eta Soziolinguistika Klusterrak. Arrue ikerketa izena eman diote eta emaitzen txostena argitaratu dute. Emaitzek azaleratzen dute adinean aurrera joan ahala, gero eta gutxiago erabiltzen dutela euskara gazteek. Eskolan kalean eta beste eremu batzuetan baino askoz gehiago erabiltzen dute euskara, hala ere, alde nabarmenak daude ikasgelaren eta jolastokiaren artean. Jolastokian gutxiago erabiltzen da euskara.

 Gai honekin lotuta, Amelia Barquín-en blogean argitaratutako artikulua ekarri nahi dugu hona. Elkarrizketan amak euskaraz eta semeak gaztelaniaz (TELP estrategiak seme-alabekin?) izenburupean kalean emandako gertaera bat kontatzen digu. Ama batek semeari euskaraz hitz egin eta semeak gaztelaniaz erantzun dio. Dinamika hau beste kasu batzuetan ere ematen dela azaltzen du. Eta guk ere antzerako kasuren bat ikusi izan dugu kalean.

 Dinamika horren zergatietan ez gara sartuko, arrazoiak era askotakoak izan baitaitezke. Guretzat interesgarriagoa da baliabide batzuk ematea egoera horretan zer egin jakiteko. Betiere gogoratu ez dagoela egoera eta pertsona guztietarako baliagarria izan daitekeen irtenbide magiko bakarra beraz, estrategia guztien artean bakoitzak berea aukeratu behar du eta funtzionatzen badio aurrera horrekin. Funtzionatzen ez badu, beste bat probatu behar. Eta kontuan izanda estrategia garrantzitsuena eredu izatea dela, egoera guztietan euskaraz mantenduz ahalik eta gehien. Koherenteki jokatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hizkuntza guretzat garrantzitsua dela gure ekintzekin transmititzea garrantzitsua da eta jarraian azalduko ditugun estrategiak testuinguru horretan kokatzen dira.

 Ameliak estrategia batzuk azaltzen ditu: Alde batetik umeei azalpenak ematea “ez zara konturatzen euskaraz hitz egin behar dugula euskara ez galtzeko, zure lagunek ere ikasteko, zuk hobeto ikasteko…”. Umeak behartu barik, derrigortu barik eta haserretu barik. Bestalde, Ameliaren aukera euskaraz hitz egiten ez badiote kasurik ez egitea edota bere haserrea agertzea da.

 Guri seme-alaben hizkuntza portaeran eragiteko bururatzen zaizkigun estrategiak honakoak izan daitezke:

  •  Nerabeari atentzioa deitzeko, nerabe baten gaztelerazko hizkera neurri gaineko moduan imitatzea.
  • Beste hizkuntza batean erantzutea (ingelesez, alemanez, latinez,…).
  • Ulertzen ez diogula esan behin eta berriro (tonu lasai eta axolagabean) eta eskatzen duena ez egin euskaraz eskatu arte. Ameliaren kasu ez egitearen antzerakoa izan daiteke estrategia hau.
  • Gure emozioak azaltzea, euskaraz egiten duenean edota egiten ez duenean nola sentitzen garen azaldu eta ez ahozko komunikazioarekin emozio horiek transmititu.
  • Bere portaera aldatzeko eskari asertiboa egin eskema hau jarraituz:
      1. Ez naiz ondo sentitzen erdaraz hitz egiten didazunean
      2. Nirekin hitz egiterakoan euskaraz egitea nahi nuke.
      3. Zer iruditzen zaizu? Eta bere erantzunaren zain gelditu.
  • Berari galdetzea ea zergatik egiten duen gaztelaniaz. Horren inguruko hausnarketa bultzatzeko elkarrizketa bat izan. Horretarako une egokia aukeratu behar da, toki lasai batean eta denboraz. Guk gure diskurtsoa eman baino, galderak egin berak erantzun ditzan eta horren bidez euskararen erabileraren inguruko hausnarketa.

 Horra hor proposamen batzuk. Zuei besterik bururatzen zaizue?

 

 

Irakurtzen jarraitu...